XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Matematika

UNITATE DIDAKTIKOEN EGITURA

Unitate didaktiko guztiak egitura amankomun baten arabera daude eraikiak.

Hasteko, sarrerako iharduerak izenekoak aurkitzen dira.

Ondoren Unitate didaktikoaren iharduera nagusiak ikus daitezke.

Aurrerago, eta GOGORATUZ izenburupean, bukaerako iharduerak agertzen dira.

Sarrerako iharduerak ikasleen aurretikako ezagutzak gogoratzeko daude pentsaturik.

Metodologia eraikitzaile edo konstruktibistaren printzipio funtsezkoenetariko batek zera dio: Ikasleak beti dauka erakutsi nahi zaion horri buruz aurretikako ezagutzaren bat, eta gainera, ezagutza horretan oinarriturik, berak bakarrik, eta ez beste inork, eraiki dezake ezaguka berria.

Hortaz, ezer irakatsi aurretik komenigarria da ikasleak zer dakien ezagutzea.

U.D. guztien hasieran orrialde pare bat agertzen dira, non lamina bat aurki daitekeen; lamina horretan ikasleak egiten duen irakurketatik jakin dezake irakasleak bere ikasleek zer dakiten.

Gai guztiak batera ukitzea ezinezkoa denez, U.D. bakoitzarentzat gai bat edo beste aukeratu dugu, beti ere, gure ustez garrantzitsuenak diren gai horiek ukituz.

Iharduera nagusiak U.D.-aren gorputza eta mamia dira.

Bertan agertzen dira ikasteko-irakasteko prozesua aurrera eramateko guk proposatutako iharduerak.

Iharduera guztiak ez dira mota berdinekoak, baina hau ez da horri buruz hitz egiteko toki aproposa (Ikus 2. zehaztapen maila).

Azkenik, eta U.D.-aren atzealdean bukaerako iharduerak datoz.

Iharduera mota hauen egitekoa dagoeneko esperimentatua eta kontestualizatua dagoen hori laburtzea, generalizatzea eta kasu batzuetan definitzea eta memorizatzea izango da.

Iharduera hauen bidez ikasteko-irakasteko prozesuaren ziklo bat bukatzen da, beste berri bat irekitzeko noski.

Sarrerako ihardueren bidez ikasleak zer dakien arakatu dugu, iharduera nagusien helburua ikasleari norbere ezagutza eraikitzen joateko esperientzia multzo ordenatua ematea izan da; zikloa ixteko, berriz, bukaerako iharduerak datoz.

Esperimentatu, bizitu dugun hori generalizatzeko garaia da, hau da, ikusitako testuinguru edo ingurune guztiak zertan diren berdinak begiztatzeko garaia.

Generalizatu eta, bide batez, komunikatu ahal izateko esan behar dena adierazteko garaia.

Iharduera mota hauek U.D.-aren amaieran datoz, baina horrek ez du esan nahi iharduera nagusi guztiak burutu eta gero mota honetakoak egiteko proposamena plazaratzen dugunik, ez horixe.

Irakasleak erabaki beharko du noiz egin, horretarako irakasle horren ustez esperimentazio fasea ondo osaturik egon beharko duelarik bukaerako iharduerak burutu aurretik.

Bukaerako iharduerak oso toki aproposa da ikasteko lan teknikak lantzeko.

Laburpenak egin, hitz garrantzitsuenak azpimarratu, apunte laburrak antolatu, mapa kontzeptualak eraiki, eta abar.

Horra hor iharduera hauek aurrera eramateko toki ezin hobea.

Hiru iharduera tipo hauek dira garrantzitsuenak, baina ez bakarrak.

Aipatutako horrez gainera eta GEHIAGO JAKITEKO izenburupean ezberdintasunaz aritzeko iharduerak aurkitzen dira.

Iharduera hauek gehiago jakin nahi duten horientzat daude pentsaturik, beraz ez dira material hauen bidez proposatzen den curriculum-a gauzatzeko ezinbesteko direnak.

Ezberdintasunaz aritzeko guk proposatzen dugun estrategia zera da: ikasle guztientzat oinarrizkoa (ez gutxienezkoa) iruditzen zaiguna U.D.-aren iharduera nagusien bidez ziurtatzea eta aurrerago joan nahi duten horientzat zerbait gehiago eskaintzea.

Beraz, ez dugu, gure proposamenean behinipehin, atzeratuago dabilen horrentzat ezer berezirik eskaintzen.

Gure jokabidearen arrazoia ikaslea animatzea izan da, beti ere mezu baikor batetik bideratuz.

Denok batera goaz, baina batzuek aurrerago joan nahi dute, atzeratuaren txartela ezabatuz.

Irakasleak eskubide osoa dauka gure iritzi honekin ados ez egoteko; baina kasu horretan zera jakin beharko du: berari dagokiola atzerago dabiltzan horientzat zerbait prestatzeko lana.

Ezberdintasunaz aritzeko beste iharduera mota bat ere aurki daiteke liburuan zehar; BURUARI ERAGIN izeneko iharduerak hain zuzen.

Iharduera hauek iharduera nagusien barruan aurkitzen diren arren, borondatezkotzat joko genituzke guk, hau da, egin nahi duten horientzat bakar-bakarrik; berriro ere oinarrizkoa dena guztientzat eta zerbait gehiago, berriz, nahi duenarentzat.